miércoles 23 de noviembre de 2011

Mundu inperfektua

Ikus dezakegunez, hezkuntzan aurrera egitea ez da ume guztiek lor dezaketen prozesu bat, konplexua da eta familia askok ez dute euren seme-alaben ikasketak ordaintzeko baliabiderik izaten. Argi dago gure gizartea ez dela perfektua eta bizi ahal izateko premiazkoena dirua dela. Baina hori ez litzateke horrela izan behar, beste baliabide batzuekin lortu beharko genituzke horren garrantzitsuak diren gauzak, hala nola, janaria, hezkuntza, … Ez litzaizueke bestelako mundu bat gustatuko? Dirua beharrean, norberak eskuragarri dituen gauzak gainontzekoekin trukatuz, nahi dena lortzeko gai izango litzatekeen mundu bat? Niri bai, duda barik!

Ametsetako mundu horretan, esfortzua ezinbestekoa litzateke aurrera egiteko, edonon bezalaxe, denok baitakigu inon ez direla gauzak oparitzen, baina gure artean ez litzateke horrenbesteko estresik, ezinegonik, tristurarik, … nabarituko. Umeak eskolara joango lirateke, gurasoak lanera, … dena berdin litzateke, diruaren kontua izan ezik. Benetan kezkatzen nauen kontu bat da hori eta galdera asko egiten dizkiot nire buruari egunean zehar. XXI. mendeko ekonomia doan bezala joanda, nolakoa izango da gure etorkizuna? Bizitza hau lortzearren gabiltza horrenbeste lan egiten? Ez da zilegi! Beraz, nik mundu justuago bat proposatzen dizuet. Eskola batera sartu nahi duen pertsonak, garbiketa ordu batzuk egin ditzala eskolan, gizarte-laguntza batzuk bete ditzala egunean zehar eta ordainketa gisa, hezkuntza duin bat lor dezala.

Gaur egun, familia asko eta asko daude hondamendiaren bidean galduta, ez dute dirurik euren etxea ordaintzeko, janaria erosteko ere ez, beraz, ez dute ganoraz elikatzeko beste dirurik izaten eta are gutxiago beraien umeen ikasketak ordaintzeko. Ez al lukete ume guztiek eskubide bera izan behar ikasketa minimo batzuk edukitzeko?  Etorkizunean euren interesak asetzen dituen lan bat lortzeko?

Sarrera honekin alaitasun pixka bat eman nahi diot nire blogari, denok pentsatu behar baitugu mundu hobe bat sor dezakegula. Argi dago proposatu dudan mundu perfektua ez dugula inoiz lortuko, baina denok gure eskuak batu behar ditugu lanari ekiteko, eta mundu berri bat eraikitzeko!

AURRERA BEGIRA lortzen dira nahiak.



Agur!

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada